DIPUTATUEN KONGRESURA, SENATURA ETA AUZITEGI GORENERA BISITAK

DIPUTATUEN KONGRESURA, SENATURA ETA AUZITEGI GORENERA BISITAK

Otsailaren 20an eta 21ean, ALEGO-EJALE elkarteko zenbait kidek Diputatuen Kongresua, Senatua eta Auzitegi Gorena bisitatzeko aukera izan genuen.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioaren defendatzaile eta ordezkari garen heinean, gertutik jarraitu beharra daukagu botere legegilearen eta botere judizialaren eguneroko jarduna; izan ere, Zuzenbideko Estatua eratzen duten bi zutabe nagusi horiek hartzen dituzten erabakiek eragin zuzena dute geure eguneroko betekizun profesionalean.

Kongresuaren egoitza bisitatzeaz gain, Euskal Taldeko (Grupo Vasco) diputatuekin elkarrizketa izateko aukera ere izan genuen. Bilera horretan, besteak beste, hasiberria dugun legegintzaldian abian jarritako zenbait lege‑ekimeni buruz hitz egin genuen, baita Judiziamendu Kriminalaren Legearen aldaketari buruz ere.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian (BJKN) kide berriak izendatzeko premiaz aritu ginen, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten duguna. Halaber, ezinbestekotzat jotzen dugun beste hainbat aldaketari buruz ere mintzatu ginen (adibidez, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea).

Auzitegi Gorenaren egoitzan, berriz, solasaldi luze bezain oparoa izan genuen Auzitegi Goreneko Hirugarren Aretoko magistratua den Segundo Menéndez Pérez jaun txit argiarekin. Justiziaren egungo egoerari buruz hitz egin genuen, baita botere judizialeko kideei nahiz abokatu publiko zein pribatuei euren jarduera profesionalean galdagarri zaizkien demanda eta errekerimenduei buruz ere.

Benetan solasaldi atsegina eta emankorra izan genuena. Auzitegi Gorenaren eguneroko jarduna gertutik ezagutzeko parada izan genuen, bere sendotasunak, ahuldadeak… Administrazioarekiko auzien kasazio‑errekurtsoarekin lotura zuzena  duten beste hainbat konturi ere heldu genien, norberaren esperientziak eta kezkak elkarrekin partekatuz.

Gure ustez, eragile juridikoon arteko solasaldi horiek geroz eta beharrezkoagoak dira, nahiz eta, zoritxarrez, ez diren nahi beste izaten.

ALEGO-EJALE elkartea osatzen dugunok, ordea, argi dugu horrela izan behar duela, eta, horregatik, mota honetako topaketak sustatzen eta antolatzen jarraituko dugu, eragile juridikoontzat interesgarri deritzagun kontu juridikoak mahai gainean jarri eta ikuspegi juridiko ezberdinak elkarrekin partekatzeko.