ASOCIACIÓN DE LETRADAS Y LETRADOS DEL GOBIERNO VASCO – EUSKO JAURLARITZAREN LETRADUEN ELKARTEAREN ESTATUTUAK
KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua
Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkartea (ALEGO-EJALE) funtzionarioen elkarte profesional bat da, eta 1/2002 Lege Organikoan (martxoaren 22koa, Elkartzeko Eskubidea Arautzekoa) eta 7/2007 Legean (ekainaren 22koa, Euskadiko Elkarteei buruzkoa) ezartzen denaren arabera sortu da.
2. artikulua
Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko letraduek osatzen dute Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkartea, baldin eta eskatu egiten badute eta estatutu hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Edonola ere, EAEko Administrazio Publikoko eta beste euskal administrazio publiko batzuetako letraduengana ere zabaldu nahi da.
3. artikulua
Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkarteak nortasun juridikoa izango du, baita bere helburuak betetzeko gaitasun osoa ere, eta estatutu hauetan eta indarreko legerian xedatutakoaren arabera jardungo du.
Iraupen mugagabea izango du Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkarteak. Elkarte-ekitaldia bat etorriko da urte naturalarekin.
4. artikulua
Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan jardungo du Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkarteak.
5. artikulua
- Gasteizen du egoitza soziala Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren egoitzan (Donostia-San Sebastián kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz).
- Zuzendaritza Batzordeak hala erabakiz gero, aldatu ahal izango da tokiz egoitza soziala, baldin eta herriz aldatzen ez bada. Tokiz aldatuz gero, bazkideei eta Elkarteen Erregistroari jakinarazi behar zaie.
- Egoitza soziala herriz aldatuz gero, estatutuak ere aldatu beharko dira.
- Orobat, Elkarteak beste lokal batzuk eduki ahal izango ditu bere jarduerak garatzeko.
6. artikulua
Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkarteak federazioa osatu ahal izango du antzeko helburuak dituzten funtzionarioen beste elkarte batzuekin, bere nortasuna eta ondarea galdu gabe.
7. artikulua
- Elkartearen izen ofiziala “Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkartea” da, edo, laburtuta, ALEGO-EJALE.
- Elkartearen identifikazio-enblema estatutu hauei erantsi zaie.
8. artikulua
- Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiliko du lanerako.
KAPITULUA. ELKARTEAREN HELBURUAK
9. artikulua
Helburu hauek ditu Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkarteak:
- Bazkideen interes profesional eta korporatiboak babestea; horretarako, haien asmoak bideratzea eta kasuan kasu dagozkion ekintzak gauzatzea.
- Kideen jardun profesionalaren prestigioa sustatzea.
- Administrazioarekin elkarlanean aritzea bazkideen zerbitzu profesionalak zer baldintzatan eman zehazteko, baita haiei eragiten dieten xedapen orokorrak prestatzeko ere.
- Euskal Autonomia Erkidegoko berezko eskubidea aztertzea, sustatzea, babestea eta zabaltzea.
- Ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea, baita bazkideentzat interesgarriak diren azterlanak prestatzea, argitaratzea eta zabaltzea ere.
- Bazkideen etengabeko prestakuntza eta informazioa bultzatzea, bereziki Eusko Jaurlaritzako letraduen berezko zerbitzuei eragiten dieten gaiei dagokienez.
- Beste administrazio publiko batzuetako zerbitzu juridikoekin harreman egonkorra eta jarraitua izan dadin sustatzea.
- Antzeko helburuak dituzten beste elkarte batzuekin eta Elkartearen helburuak gauzatzeko beharrezkoak diren erakunde publiko edo pribatuekin informazioa trukatzea eta elkarlanean aritzea.
III. KAPITULUA. BAZKIDEAK
10. artikulua
- Jarduteko gaitasuna duten eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko letradun diren edo izan diren guztiak izan daitezke bazkide; berdin dio zer egoera administratibotan dauden eskaera egiten dutenean, non eta ez dauden zerbitzutik bereizita administrazio-egintza edo epai irmo baten bidez. Era berean, Elkarteko bazkide izan daitezke eskaera egiterakoan erretiroa hartuta duten Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiko letradun izandakoak.
- Elkarteko Zuzendaritza Batzordeari bidali behar zaizkio kidetze-eskaerak, eta hark automatikoki onartuko ditu, baldin eta aurreko paragrafoan aipatzen dena betetzen bada.
11. artikulua
Hauetarako eskubidea izango dute Elkarteko kideek:
- Elkarteko ordezkaritza-, zuzendaritza- eta kudeaketa-karguetarako hautagaiak aukeratzekoa eta proposatzekoa, edo hautagai gisa aukeratuak izatekoa.
- Elkartearen jardueretan eta Elkarteko gobernu- eta ordezkaritza-organoetan parte hartzekoa, eta hitz- eta boto-eskubideaz baliatzekoa.
- Elkarteko gobernu- eta ordezkaritza-organoak nola osatuta dauden, Elkartearen kontuak zer egoeratan dauden eta haren jarduerek zer garapen duten jakitekoa.
- Elkartearen dokumentuak, liburuak eta erregistroak ikustekoa.
- Elkartearen jarduerei, bazkideen nortasunari eta altei eta bajei buruzko informazioa jasotzekoa.
- Batzar Orokorraren eta Zuzendaritza Batzordearen erabakiak aurkaratzekoa.
- Diziplina-neurrien pean geratu baino lehen entzunak izatekoa, eta era horretako neurriak dakartzaten gertakarien berri izatekoa, baita, hala badagokio, zigorra ezartzen duen erabakiaren arrazoiak ezagutzekoa ere.
12. artikulua
Betebehar hauek dituzte bazkideek:
- Beren burua Elkartearen helburuak betetzera lotzea eta haiek betetzen elkarlanean aritzea.
- Bazkide bakoitzari dagozkion kuotak, derramak eta bestelako ekarpenak ordaintzea.
- Elkarteko gobernu- eta ordezkaritza-organoek hartutako erabakiak betetzea eta betearaztea.
- Estatutuetako xedapenek ezartzen dituzten gainerako betebeharrak betetzea.
13. artikulua
Kasu hauetan utziko diote bazkideek Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkarteko bazkide izateari:
- Borondatez uko egiten badiote.
- Zerbitzu aktibotik bereizten badira, epai irmo baten bidez.
- Hiltzen badira.
- Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu, Zuzendaritza Batzordeak hala eskatuta, Elkartearen helburuak larriki urratzeagatik.
KAPITULUA. ELKARTEKO ORGANOAK
14. artikulua
Batzar Orokorra eta Zuzendaritza Batzordea dira Asociación de Letradas y Letrados del Gobierno Vasco – Eusko Jaurlaritzaren Letraduen Elkarteko gobernu- eta ordezkaritza-organoak.
15. artikulua
Batzar Orokorra Elkarteko gobernu-organo gorena da; bazkide guztiek osatzen dute, eta gehiengoz hartzen ditu erabakiak.
16. artikulua
Batzar Orokorrak ohiko eta ezohiko bilkurak egingo ditu.
- Gutxienez urtean behin egingo du lehendakariak ohiko bilkurarako deialdia, eta bilkura ekitaldiko lehenengo hiruhilekoan egingo da.
- Lehendakariak egingo du ezohiko bilkurarako deialdia, bere kabuz, Zuzendaritza Batzordearen eskariz, edo bazkideen gutxienez % 10ek hala eskatuta.
- Ezohiko bilkura egingo da Estatutuak aldatu edo elkartea desegin behar izanez gero.
17. artikulua
- Gutxienez 10 egun lehenago egingo da Batzarrerako deialdia, ezertan galarazi gabe lehendakaria hautatzeko ezarritakoa.
- Bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaie deialdia bazkideei, bakoitzak emandako helbide elektroniko, fax-zenbaki, telefono-zenbaki edo bestelakora, baldin eta hautatutako bitartekoak aukera ematen badu deialdia jaso dela frogatzeko.
- Deialdiarekin batera, aztergaien zerrenda bidaliko da, eta bilkura non eta noiz izango den adierazi, baita zer ordutan ere (lehenengo eta bigarren deialdietan).
- Bazkideen gutxienez % 10ek landu nahi dituzten gaiak sartu behar dira aztergaien zerrendan. Kasu honetan, aztergaien zerrendako puntu berriak bazkide guztiei jakinarazten zaizkienetik hasiko da 1. zenbakian aipatu den 10 eguneko epea.
- Batzar Orokorra lehenengo deialdian behar bezala eratzeko, bertan izan behar dute lehendakariak eta bazkideen erdiak, edo haien ordezkoek. Bigarren deialdian, nahikoa izango da lehendakaria eta bazkideen edozein kopuru bertaratzea.
18. artikulua
Alderdi hauez arduratuko da Batzar Orokorra ohiko bilkuretan:
- Aurreko ekitaldiko kontuak likidatzeaz.
- Uneko ekitaldirako aurrekontua onartzeaz.
- Hala badagokio, bazkideen kuotak finkatzeaz.
- Jardueren eta jardunbideen programa onartzeaz.
- Zuzendaritza Batzordearen urteko kudeaketa onartzeaz.
- Lehendakaria, idazkaria, diruzaina eta Zuzendaritza Batzordeko kideak aukeratzeaz edo kargutik kentzeaz, gainbegiratzeaz eta kontrolatzeaz.
- Beste elkarte batzuekin federazioak edo konfederazioak osatzeko edo haietako kide izateari uzteko egintzak gauzatzeaz.
- Bazkideak behin betiko banantzeko erabakia hartzeaz, bereziki 13. artikuluan aipatzen den bazkide izateari uzteko erabakia.
- Elkarteko beste organoei ez dagokion beste edozein gai aztertzeaz.
19. artikulua
- Bertaratzen direnen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak Batzar Orokorrak, alderdi hauei buruzko erabakiak izan ezik: Estatutuak aldatzekoa, Elkartea desegitekoa, beste elkarte batzuekin federazioa edo konfederazioa osatzeko edo federazio edo konfederazioren bateko kide izateari uzteko egintzak gauzatzekoak, edo bazkideak kargutik kentzekoak. Era horretako erabakiak hartzeko, bazkideen gehiengoak (hots, bi heren) eman behar du aldeko botoa.
- Bazkide guztiek izango dute ahots- eta boto-eskubidea.
- Bazkide bakoitzak Elkarteko kide bat aukeratu ahal izango du Batzar Orokorrean ordezka dezan; horretarako, ordezkatuak sinatutako idazkia aurkeztu behar du ordezkariak, bilkura bakoitzean. Batzarreko idazkariaren aurrean egiaztatu behar da ordezkaritza, bilkura eratu aurretik.
20. artikulua
- Elkartea zuzendu eta kudeatuko du Zuzendaritza Batzordeak, Batzar Orokorrak ezarritako jarraibideen arabera eta haren ikuskapen eta kontrolaren pean.
- Hauek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea:
- Lehendakaria
- Lehendakariordea
- IdazkariaDiruzaina
- Hiru kide
- Batzar Orokorrak bazkideen artetik aukeratuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kideak.
- Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria Batzar Orokorrekoa ere izango da.
- Zuzendaritza Batzordeko kide bat diruzaina izango da.
21. artikulua
- Lehendakariak deialdia egitean bilduko da Zuzendaritza Batzordea.
- Kide gehienak joaten badira, baliozkotzat hartuko da Zuzendaritza Batzordea.
- Erabakiak hartzeko, bertaratzen diren kide gehienen aldeko botoa izan behar da. Berdinketa izanez gero, lehendakariak kalitateko botoa du.
- Bilkura bakoitzean akta egingo da, eta, bertan, hartutako erabakiak jasoko dira.
22. artikulua
- Zeregin hauek dagozkio lehendakariari:
- Elkartearen ordezkari gisa aritzea, besteak beste, hirugarrenekin sortzen diren harreman juridikoetan.
- Batzar Orokorraren ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdia egitea.
- Zuzendaritza Batzordeko kideen hauteskundeetarako deialdia egitea.
- Batzar Orokorraren ohiko eta ezohiko bilkuretako eta Zuzendaritza Batzordearen bileretako buru izatea.
- Bere botoaren bidez berdinketak ebaztea, erabakiak hartze aldera.
- Batzar Orokorraren bileretako aktak baimentzea.
- Zuzendaritza Batzordearen bileretako aktak baimentzea.
- Estatutu hauek ematen dizkioten bestelako zereginak egitea.
- Lehendakaria ez badago, lehendakariordeak ordezkatuko du, salbu eta programatuta bazegoen lehendakaria ez etortzea eta hark Zuzendaritza Batzordeko beste kideren baten esku utzi baditu bere zereginak.
23. artikulua
Lehendakaria ez badago, lehendakariordeari dagokio haren zereginak egitea, 22. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, Zuzendaritza Batzordeak hala erabakiz gero, Elkartearen ordezkari gisa ere jardun ahal izango du lehendakariordeak.
24. artikulua
- Zeregin hauek dagozkio idazkariari:
- Batzar Orokorraren eta Zuzendaritza Batzordearen bilera guztiei dagozkien akten liburuez arduratzea.
- Bazkideen erregistro-liburuaz arduratzea.
- Akten liburuetan ageri diren bileren ziurtagiriak egitea, lehendakariaren oniritziarekin.
- Lehendakariak agintzen dizkion gainerako zereginak bere gain hartzea.
- Idazkaria etortzen ez bada, adin txikieneko kideak ordezkatuko du.
25. artikulua
Zeregin hauek dagozkio diruzainari:
- Bazkideen kuotak jasotzea, baita Elkarteari zor zaizkion gainerako zenbatekoak ere.
- Elkarteak egin beharreko ordainketak egitea.
- Elkartearen kontabilitateaz arduratzea, besteak beste, ekitaldi oso bakoitzaren laburpen orokorra egitea, Batzar Orokorraren ohiko bilkuran aurkezteko.
- Kontuen liburuaz arduratzea.
26. artikulua
Kideek ere Elkartearen ordezkari gisa jardun ahal izango dute Zuzendaritza Batzordeak hala erabakitzen duenetan.
27. artikulua
- Bi urtez egongo dira karguan Zuzendaritza Batzordeko kideak, eta berriro hautatu ahal izango dira epe hori igarotakoan.
- Bazkideek zuzenean hautatuko dituzte Zuzendaritza Batzordeko kideak, Batzar Orokorrean, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.
- Ezin izango dira Zuzendaritza Batzordeko kide izan ordezkaritza-karguren bat dutenek edo administrazio publikoren batean zuzendari-kargua edo antzekoa dutenek, ezta kasuan kasuko administrazioko gobernu-organo gorenak izendatzen duen bestelako kargu bat dutenek ere.
28. artikulua
- Kasu hauetan utziko diote Zuzendaritza Batzordeko kideek bertako kide izateari:
- Agintaldia amaitzen denean.
- Dimititu egiten badute.
- Elkarteko bazkide izateari uzten badiote, edo ezgaitasunerako arrazoiren bat gertatzen bada.
- Batzar Orokorrak hala erabakita, bazkidetza baliogabetzen bada, estatutu hauen 13. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz.
- Hiltzen badira.
- Aurreko zenbakiko a) letran adierazitako arrazoiagatik uzten badiote kide izateari, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute, hurrengo batzar orokorra egiten den arte, eta bertan hautatuko dituzte kargu berriak.
- 1. zenbakiko b), c), d) eta e) letretan, Zuzendaritza Batzordeak plaza hutsa beteko du, norbait behin-behinean hautatuta, eta Batzar Orokorrari jakinaraziko dio, berrets edo atzera bota dezan. Atzera botaz gero, beste norbait aukeratuko da.
29. artikulua
Zuzendaritza Batzordea hautatuko duen Batzar Orokorra gutxienez hilabete lehenago bilduko da.
30. artikulua
- Elkarteko edozein bazkide izan daiteke Zuzendaritza Batzordeko kide. Horretarako, hautagaitza aurkeztu behar diote lehendakariari, idatziz, bozketa egin baino hamabost egun lehenago gutxienez.
- Nahi adina hautagaitza aurkez daitezke Zuzendaritza Batzordeko kide izateko, banaka edo taldeka (zerrenda).
- Lehendakariak bozketa egin baino hamar egun lehenago jakinaraziko dizkie bazkideei hautagaitza guztiak, Batzar Orokorraren deialdia bidaltzeko estatutu hauetan ageri den moduan.
- Zuzendaritza Batzordea hautatzeko Batzar Orokorra eratu ondoren, bozketa egingo da, eta hautetsontzian sartuko dira bazkideen bozketa-txartelak, bai bertaratu direnenak, bai ordezkatuta daudenenak.
- Zuzendaritza Batzordea aukeratzeko botoa zuzenean emango dute bazkideek Batzar Orokorrean. Ordezkariaren bidez ere eman ahal izango dute botoa bazkideek, estatutu hauen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera.
- Zenbat postu bete behar diren, hainbat hautagairi eman ahal izango dio botoa hautesle bakoitzak, eta boto kopuru handiena lortzen duten hautagaiak aukeratuko dira. Boto-zenbaketa publikoa izango da.
KAPITULUA. EKONOMIA-ERREGIMENA
31. artikulua
Zuzendaritza Batzordea arduratuko da Elkartearen kudeaketa ekonomikoaz, diruzain gisa diharduen kidearen bidez. Zuzendaritza Batzordeak urteko kontuen berri eman behar dio Batzar Orokorrari.
32. artikulua
Baliabide hauek izango ditu Elkartearen urteko aurrekontuak:
- Bazkideen kuotak (Batzar Orokorrak adostuko du haien zenbatekoa eta maiztasuna)
- Egokituko litzaizkiokeen diru-laguntzak edo laguntza publikoak
- Dohaintzak, herentziak eta legatuak
- Bestelako diru-sarrerak
33. artikulua
Elkartearen sortze-ondarea zero eurokoa da.
34. artikulua
Ekitaldi ekonomikoa bat etorriko da urte naturalarekin.
35. artikulua
Elkarteak mozkinik badu, Elkartearen helburuak betetzera bideratu behar dira mozkin guztiak; ezin dira banatu, ez bazkideen artean, ez haien ezkontideen edo antzeko afektibitate-harremana duten eta bazkideekin bizi diren pertsonen artean, ezta senideen artean ere, eta ezin zaizkie doan laga irabazi-asmoa duten pertsona fisiko edo juridikoei.
KAPITULUA. ZIGOR-ARAUAK
36. artikulua
- Bazkideek behin eta berriz hausten badituzte Estatutuak edo Batzar Orokorrak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak, Zuzendaritza Batzordeak bazkide horiek zigortu ahal izango ditu.
- 15 egunetik hilabetera eskubideak kentzetik hasi eta elkartetik betiko kanporatzera arteko zigorra ezar daiteke, ondorengo artikuluek adierazitako moduan.
- Horretarako, zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak aztertzeko ikerketa egin dadila erabaki dezake lehendakariak. Ikerketaren instruktorea idazkaria izango da, eta berak proposatuko dizkio Zuzendaritza Batzordeari hartu beharreko neurriak.
- Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeak izango du, idazkariak ez du horretan parte-hartzerik izango (instruktorea delako), eta zigorra ezarri aurretik interesdunari entzunaldia eskainiko zaio. Zigortzeko erabakia arrazoitu egin beharko da beti, eta erabaki horren aurkako errekurtsoa jarri ahalko zaio Batzar Orokorrari.
37. artikulua
Bazkideren batek elkartetik kanporatua izateko moduko ustezko egintzaren bat egiten badu, hau da, Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak edo Zuzendaritza Batzordeak baliotasunez hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki behin eta berriz hausten baditu, gertaeren berri izatearren, lehendakariak idazkariari agindu diezaioke aurretiazko eginbide zehatz batzuk egin ditzala, behar den informazioa jasotzeko. Eginbide horiek ikusita, lehendakariak jarduerak artxibatzeko agintzea edo elkartetik kanporatzeko zigor-espedienteari hasiera ematea erabaki dezake.
38. artikulua
- Elkartetik kanporatzeko zigor-espedientea hasten bada, idazkariak, gertakariak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio interesdunari, leporatzen zaizkion karguen berri emateko. Kargu horiei erantzuteko, interesdunak bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilkurako gai-zerrendan sartuko da kasua, eta batzordeak hartuko du erabakia. Erabakian ez du botorik izango espedienteko instruktorea izan den idazkariak.
- Elkartetik kanporatzeko erabakia interesdunari jakinaraziko zaio eta, era berean, hurrengo ezohiko batzar orokorrean errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko zaio. Hiru hilabeteren barruan batzarrik egiten ez bada, batzar bat egin beharko da horretarako bakarrik. Bitartean, Zuzendaritza Batzordeak inputatuari bazkide-eskubideak etetea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio.
- Batzar Orokorrari kanporatzeko espedientea aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpena egingo du, Zuzendaritza Batzordeak interesdunak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Orokorrari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan.
39. artikulua
Kanporatzeko erabakia arrazoitu egin behar da beti, eta erabaki hori interesdunari jakinarazi behar zaio. Interesdunak, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du bere ustez erabakia legearen edo Estatutuen aurkakoa bada.
40. artikulua
Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan —berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako— bete gabe dituen betebeharrak bete ditzala eskatuko zaio.
VII. KAPITULUA. ELKARTEA DESEGITEA
41. artikulua
Arrazoi hauetako baten ondorioz desegingo da Elkartea:
- Horretarako berariaz egindako ezohiko batzar orokorrak hala erabakitzen badu.
- Agintaritza judizial eskudunak hala ebazten badu.
42. artikulua
- Elkartea deseginez gero, haren ondarea, ondarerik baldin badago, Zuzendaritza Batzordearen eskuetan geratuko da, eta Batzordeak, batzorde likidatzaile gisa, Batzar Orokorraren erabakiak betearaziko ditu.
- Gainerako ondarea (likidazio-balantzearen arabera, Elkartearen ondasun eta eskubide guztiak) Elkartearen helburu berberak edo antzekoak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuei esleituko zaie, Batzar Orokorrak erabakitzen duen moduan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Eratze-aktan behin-behineko kide gisa ageri diren Zuzendaritza Batzordeko kideak lehenengo Batzar Orokorrean onartu edo baztertuko dira.
AZKEN XEDAPENA
Batzar Orokorrak barne-araudia onartu ahal izango du, estatutu hauek garatzeko; edonola ere, araudiak ez ditu aldatuko estatutu hauetan jasotako preskripzioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 20a