“Hizkuntza ofizialak eta Legebiltzarra. Ikuspegi iurilingüistikoa” mintegia Eusko Legebiltzarrean

Gaur goizean abiatu da “Hizkuntza ofizialak eta Legebiltzarra. Ikuspegi iurilingüistikoa” mintegia, Eusko Legebiltzarrean.

Euskaltzaindiak eta Legebiltzarrak berak antolatua, ezagutza juridiko teoriko eta teknikoetan sakontzeko helburua du, hizkuntzaren ikuspegitik, eguneroko jarduera parlamentarioari begira.

Andres Urrutia euskaltzainburuak ireki du saioa mintegiari izenburu ematen dion hitzaldia eginez, “Hizkuntza ofizialak eta Legebiltzarra. Ikuspegi iurilingüistikoa”. Euskaltzaindiaren hiztegia izango du hizpide ondoren, Gotzon Loberarekin batera, zuzenbide politiko eta administratiboko euskarazko terminoen erabilera egokiari heltzeko.

Loberak egingo du mintegiko azken hitzartzea, sona handiko legelari eta euskaltzain urgazleak. Euskaltzaindiak berriki argitaraturiko Hizkuntza-zuzenbidea III argitaraldia argitalpenean jasotako testuez jardungo da.

Legebiltzarkideekin batera, mintegian parte hartzen ari dira zerbitzu juridikoetako eta itzulpen zerbitzuko langileak, gaian interesa duten Legebiltzarreko beste langile batzuez gain.